Ikasturtea hastearekin batera, “Lasarte-Oria gure herria” ikastunitatea aurkeztu du Lasarte-Oriako Udalak.  Euskarako Batzordearen ekimen honek duela hamasei urte izan zuen hasiera, lehen argitaratzearekin. 1997an bigarren edizioa publikatu zen eta oraingoan hirugarrena. Artelatz kooperatibak sortutako material hau 8 eta 10 urte bitarteko ikasleei zuzendua dago eta herriko LH-ko bi ikastetxeetan lantzen dute, Sasoeta-Zumaburu ikastetxean eta Landaberri ikastolan. Pasa den astean, Pablo Barrio alkateak, Euskara Batzordeko lehendakari Boris Nogales eta Elisabet Gondat Artelatz kooperatibako ordezkariak lagunduta, Landaberriko eta Sasoeta-Zumaburuko haur eta irakasleekin batera aurkeztu zuten ikastunitatearen edizio berria. Ikastunitatearen helburua herriko ikastetxeei udalerriari buruzko ezagutzan sakontzeko material egokia eskaintzea da. Karpeta koloretsu eta eder batean biltzen dira ikasleak Lasarte-Oriako historian, naturan, kirolean etab. gaietan murgilduko dituzten liburuxkak. Bederatzi gai izango dira landuko direnak: “Kalean, jendez beteak“; “Berdea nagusi“; “Lurrari esker bizi gara“, “Lan eta Lan“; “Hemendik hara“, “Zaharra berri“; “Euskara bizi-bizirik“; “Kirolak aukeran“ eta “Jaia da gaia“. Udalaren webgunean ere eskuragarri izango da.