Datorren larunbatean, abuztuaren 3an, Ataungo Jose Migel Barandiaran Museoan ekintza berezia antolatu dute Gipuzkoako Parketxe Sareak eta Ataungo Udalak: jaki goxoak dastatzeko eguna. Goizeko 11.00etan hasita Jon Aizpuruak bisita berezia gidatuko du Jose Migel Barandiaranen bizitza eta lana ezagutzeko. Jon Aizpurua ataundarra aditua da gai horretan, izan ere, urte asko daramatza Bararandiaranen lanaren inguruko ikerketan eta zabalpenerako kultur ekitaldien antolaketan, beste hainbat lagunekin batera. Jentilbaratza eta Atauniker elkarteetako partaide eta sortzailetako bat da besteak beste, JM Barandiaranen biografia idatzia du Jesus anaiarekin, Jentilen etorrera ekitaldiaren sortzaileetako bat eta gidoilaria… Hori guztia gutxi balitz, komunikatzaile aparta da Jon (Euskadi irratian egiten du lan kazetari modura). Bisitak Museoan izango du hasiera baina Barandiaranen hainbat ingurune kuttunetara ere hurbilduko dira: Sara etxe ingurua (bizitokia), Peruenezar baserria (jaiotetxea)… Plaza mugatuak izango direnez, aurrez izena ematea komeni da.

Bestelako jardueren artean, 11.00etatik aurrera ogi ezberdinak antigoaleko erara egiteko prozesua ikusteko aukera egongo da (gari-irinarekin, artoa, nahasketa…); 12:45ean Larruntzako labe zaharrean egindako opil goxoak txistorraz beteak dastatuko dituzte bisitariek.

Haurrek ez dute aspertzeko betarik izango, besteak beste, talo tailerrean parte hartzeko izango dute 11:00etatik aurrera.

Barandiaran museoa, Errota eta zerrategia ezagutzeko aukera izango dute bisitari guztiek. Sarrera 2 eurokoa da eta, horrekin, Jon Aizpurua adituarekin batera egindako museoko bisita; errota eta zerrategira bisita; talo tailerra eta ogi opila barne daude. Izena emateko eta informazio gehiagorako deitu telefono zenbaki honetara: 943 18 03 35 , edo erabili helbide elektronikoa barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net.