Arditurriko meategietan, Oiartzunen, urteko egunik bereziena izango da uztailaren 13a, III. Arditurri eguna antolatu baita. Egitarau zabala bezain interesgarria eskainiko da meategiak eta Aiako Harria parke naturaleko ingurune hau ezagutzera emateko. Egun guztian zehar, meategiak prezio murriztuan bisitatu ahal izango dira: bi eurotan Oinarrizko Bisita eta hiru eurotan Meategia Sakonean bisita (10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara). Bata zein bestea, Arditurriko meategien bihotzera denbora zehar egiten den bidaia izango da, bertan adimena eta zentzuak nahasten direlarik. Iluminazio eta soinuei esker, meazulo barruan giro magikoa sortzen da, bisitaria meategi hauen garai ezberdinetara eramanez. 2.000 urtez meazuloan bizi izandako soinu eta giroa birsortzeko aukera ematen du: arrokek erortzean egiten duten soinua edo lakuen distiraz apainduriko isiltasuna. Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioa eta Oiartzungo Udalak antolatutako egun honetan laguntza berezia emango dute Oarsoaldeako museoek: Luberri Ikasgune Geologikoa, Soinuenea, Itsasgela eta Ondartxo. Erakusketa bana eramango dute Arditurrira haien lana eta eskaintza erakusteko; gainera, saio eta tailer praktikoak egingo dituzte, herri musikaz giroa alaitzeaz gainera. Goizeko 11:30ean Luberriko Jose Angel Torresek “Mineralen bila” irteera gidatuko du eta Arditurriko sarrera aurkeztuta, Luberri Ikasgune Geologikoa dohainik bisitatu ahal izango da, soilik egun berezi honetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.

Festa alaitzeko, goizean dultzaina taldea izango da eta arratsaldean, 16:00etan hasita, erromeria egongo da haur, guraso eta helduentzat. Juan Mari Beltran hirukoteak eta dantza maixu batek jendea dantzan jarriko dute.

Egun osoko festa izango denez, jatekoa eta edatekoa ere ez da faltako, pintxoak eta ogitartekoak aukeran izango baitira.

 

Informazio gehiago:

Arditurriko Parketxea

943 494521/943 495069

arditurri@gipuzkoamendizmendi.net

www.gipuzkoamendizmendi.net