Eibar, Elgoibar, Ermua eta Soraluzera hedatu du Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak biohondakinak bereiz jasotzeko sistema, ingurumena zaintzeko bere ahaleginari jarraikiz. Arrakastatsua suertatu zen lehenbiziko esperientzia; orain, berriz, aipatutako herrietan ere jarriko da, mailaka, edukiontzi marroia. Horrenbestez, ingurumena zaintzeko aukera emango zaie 59.000 herritarri (22.000 bat familia), zabor organikoak bereiz jasoko baitira. Hasieran, Eibarren eta Elgoibarren abiaraziko da ekimena, eta, ondoren —urrian— Ermuara zabalduko da; azaroan, berriz, Soraluzera.
Zenbait kalkuluren arabera, etxe bakoitzean sortzen den zaborraren % 43 inguru organikoa da, eta behar bezala bereizi, poltsa biodegradagarritan sartu eta edukiontzi marroietara botaz gero, konpost (ongarri) bihur daiteke. Begetal-jatorriko hondakinak —frutak, barazkiak, lekariak, ortuariak, pasta, loreak eta abar—, animalia-jatorrikoak —haragia, arrautzak, arraina, itsaskiak eta dagozkien azalak edo hezurrak— eta sukaldeko papera, ezpain-oihalak eta paperezko zapiak, arrautza-ontziak, kafe-iragazkiak, ogi- eta opil-hondarrak, kortxo naturalak eta txotxak dira, besteak beste, etxeko zabor organikoa.