Ingurumen hezkuntza

Donostitruk arrakastatsua kokagune berrian

Udal gobernuko Ingurumen departamentuak hilero antolatzen duen Donostitruk bigarren eskuko merkatuak kokagune berria estreinatu du urtarrilaren 12an: Suhiltzaileen antigoaleko eraikina (Easo kalea 43). Arrakasta handiz eman dio hasiera etapa berriari, jendez lepo egon baitzen aretoa goizeko 10:00etan zabaldu zenetik 14:00etan itxi zen arte.

Orain arteko dinamikari eutsiko dio Donostitruk-ek, hau da, helburu nagusia objektuen berrerabilera bultzatzea izango da; elkarte, ikastetxe zein partikularrek izango dute parte hartzeko aukera, salmenta postu bat erreserbatuz edota Gordailu-salmenta zerbitzua erabiliz. Aurten gainera, “Donostia, 2016ko Europako kultur hiriburua”   ekimenarekin elkarlanean jardungo du, besteak beste, erakundearen erreferentziazko sedea izango baita eraikin hori. 2008az geroztik Donostitruk hileroko maiztasunez  ospatzen da,  Artelatz kooperatibak antolaketa teknikoan eta garapenean lan eginaz.

Hurrengo merkatua, otsailaren 9an, Ihauterietako berezia izango da. Etzazu galdu!

Iruzkina gehitu