Anduetza Parketxeak ekintza berri bat txertatu du bere eskaintzen artean: “Natura Eskapu” jolasa. Mundu digitala eta errealitatea uztartuz, Bartolome fraideak ezkutatutako altxorra topatzea da helburua.
Azken urteetan oso modan jarri dira “Escape room” direlako talde jokoak, eta horiek inspiraziotzat hartuta, ekintza hibrido batez gozatu daiteke Anduetza Parketxean. Nagusiki familiei eta lagun taldeei zuzendua dagoen arren, edozeinek parte hartu dezake.
Jolasak gidatu egiten gaitu enigma batetik bestera mugikorra erabilita, eta horiek jarraituta, Anduetzako arboretum-ean hainbat pista bilatu beharko dituzte parte-hartzaileek. Zegamako Bartolome fraideak mundu osoko hainbat baso bisitatu ditu bere bizitzan zehar eta, bidean, balio handiko altxor sekretu bat bildu. Zegamara ekarri du, baina norbait atzetik dabilkiola konturatu da, eta beldur da altxorra lapurtu nahi ote dion.
Jokoak basoa, zuhaitzak eta natura lantzen ditu modu entretenigarri eta didaktikoan. Animatu Zegamako Altxorra bilatzera!
Informazio gehiago: https://www.gipuzkoanatura.eus/eu/-/-natura-eskapu-jolas-berria-bikoiztu-1-1