Hondakinekin egindako egitura bereziak Tolosaldeko herrietan ikusgai
Tolosaldeko Mankomunitateak Ecovidrio eta Ecoembes erakundeen laguntzarekin antolatu duen sentsibilizazio kanpaina berri honek herritarrei laguntza eskaini nahi die informazio zehatza eta deigarria esku-eskura jarriz. Horretarako, nola birziklatu argi azalduko duten informazio egitura berezi batzuk jarriko dira eskualdeko 20 herritan. Zurezko paletak berrerabiliz eginiko egitura berezi horietan birziklapen-lerro ezberdinetan bereiztuta jaso behar diren benetako hondakinak jarri dira erakusgai eta baita informazio panelak ere.
2017an etxeetako hondakinen gaikako bilketaren bataz bestekoa %62,30era iritsi da. Hala eta guztiz ere, badago zer hobetua eta horixe da xedea, hau da, gehiago eta hobeto birziklatzea.
20 herri 23 astetan
Urtarrilaren 10ean hasitako ekimenak hogei herritan jarriko dira egiturak ikusgai, Tolosako kasuan hiru auzoetan. Kanpaina honetan, herri txikiek izango dute protagonismoa.
Bilketa puntuen kopuruaren arabera, iraupen ezberdinez egongo dira herri bakoitzean, bi aste eta lau asteren artean.
Aste honetan eta hurrengoan Tolosako Bedaio auzoan, Adunan eta Lizartzan izango dira ikusgai.
Egutegi osoa ikusteko: http://www.tolosaldekomankomunitatea.eus/euskara/albisteak/birziklapena-sustatzeko-totemak