Artelatzek HAURREN HIRA izeneko proiektu berritzailea ipini du martxan Tolosako Udalaren babesari esker eta herriko 8-12 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago. Beraien parte-hartzea sustatu nahi da herriko hainbat gaietan zeresan handia dutelako eta beraien ikuspegia aintzat hartu nahi delako herria eraikitzean.
Proiektuaren helburu nagusia hauxe da: haurrak benetako herritarrak sentiaraztea, herriko kudeaketan beraien ikuspegia barneratzea, azken finean, haurrei egokitutako hiri eremua herritar guztion mesederako gerta daitekeelako.
Modu laburrean saiatuko gara hainbat galderei erantzuten:
- Nork bultzatzen du proiektua?
Proiektua Tolosako Udalak bultzatzen du gazteria sailaren eskutik nagusiki. Gainera, proiektuaren dinamizaziorako lantalde baten laguntza izango dugu ingurumen hezkuntzan eskarmentu handia duena eta hasieratik bukaera arte haurren ardura izango duena. Proiektu honek ikastetxeen babesa du.
- Zenbatek hartuko dute parte?
Kontseilua 46 haurrez osatu da, hau da, 8-12 urtetako neska-mutilak gonbidatu ditugu, hauek osatzen duten ikasgela bakoitzetik haur bat aukeratuz.
- Nola egin da aukeraketa?
Aukeraketa ikastetxe bakoitzean egin da, bertako irakasleen eskutan utzi da aukeraketa beti ere gurasoen oniritzia beharrezkoa izan delarik. .
- Zenbat denbora?
Denera 7 bilera izango dituzte. Bilgunea Kultur Etxeko Areto Nagusia izango da eta Kontseilua osatuko dutenen bila autobusa joango da hezitzaile batekin. Biltzeko asteguna asteartea izango da, goizetan (09:30etatik-12:15tara) eta urteko egutegia hauxe da: 1. Bilera, urriak 21; 2. Bilera, azaroak 11, urtarrila 13, martxoak 10, apirilak 21, maiatzak 5 eta maiatzak 12.
Erronka polita ikasturte honetarako, proiektuari buruzko berriak ematen jarraituko dugu!
Argazkia: Tolosaldeko ataria