Proiektua ikastetxeen eta Udalaren arteko lankidetzan oinarritzen da, eskoletan energia aurreztea lortzeko. Baina aurrezteaz gain, proiektuak eskola-komunitatean energia-kontsumoaren eredu egokien inguruan sentsibilizatzea eta heztea sustatzen du. Are gehiago, metodologiaren helburua da ikasleen energia-kontzientzia garatzea eta haien ikaskuntza bideratzea, eskolan, etxean eta beste edozein lekutan ikasitako guztia aplika dezaten. Proiektuak pizgarri ekonomiko bat erabiltzen du energiaren aurreztea bultzatzeko, Udalak erdietsitako aurrezpen ekonomikoa erdibana partekatzen baitu eskolarekin. Hortik dator 50/50 izena.
Kasu honetan proiektuan Azpeitiako bost ikastetxe, Azkoitiako beste bost ikastetxe eta Errezilgo herri eskolak parte hartuko dute.
Artelatz Ingurumen Zerbitzuak SLren erronka nagusia da adin ezberdineko ikasleak proiektuan sartzea, motibazio- eta konpromiso-maila handiarekin. Alde batetik LHko ikastetxeak daude barne eta bestalde DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa. Horretarako, alde batetik energia-auditoria abian jarriko dugu, non ikasleek datuak hartu behar dituzten beharrezkoak diren tresnak erabiliz: iparrorratza, termometroa, luxometroa, kontsumo-neurgailua eta CO2 neurgailua. Eta bestalde, lau kontzientziazio-saio prestatuko ditugu.
Lau saio horiek ikasturtean zehar banatuko dira, urtarrila eta ekaina bitartean. Lehenengo saioak aurrez aurreko energia-ibilbide bat egitea eta garatzea izango ditu helburu; bigarrena trantsizio energetikoari buruzko aurkezpen gamifikatu bat izango da; hirugarrena energia-kontsumoa Garapen Jasangarriko Helburuekin lotzen duen mahai-joko bat izango da; eta ikasturtean ikasitako guztia bilduko duen proba eta erronkekin osatutako tribial erraldoi batean oinarrituko da azkena.