Udaberria ate joka daukagun une honetan, neguko lozorrotik esnatu eta parketxeetara ingurumen heziketako taldeen bisitak iristen hasiak dira. Ikastetxe askotatik ari dira animatzen natura parkeetan barrena ibilaldi bat egitera goiz ederra pasatzeko asmoz. Hala ere, bizi dugun momentua kontuan izanda, guztientzat ez da posible izan aukera hori, eta horregatik, tailer bereziak eskaintzen ari gara ikastetxean bertan egiteko “Basoan hazi, gelan hezi” deituriko saio berriaren bitartez. eta baita ibilaldi gidatuak dagokion herriko naturguneetara.
Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat eginez, lehorreko ekosistemak lantzea dugu helburu parketxeetan ere eta horren barruan BASOA. Hori, naturguneetara ibilaldien bidez, edota gelako saioaren bitartez gauzatzen dugu. Daukagun ingurunea ezagutarazten, interpretatzen ikasten eta ikasleei zentzumenen bidez helarazten saiatzen gara beti, baina aurten inoiz baino gehiago.
Informazio gehiago: www.gipuzkoanatura.eus