Martxoaren 15ean ezarritako larrialdi egoera dela eta, ikastetxeetan gertatu diren aldaketek eragina izan dute Eskolako Agenda 21 programan. Ohiko garapenak nolabaiteko eten bat izan badu ere, horien aurrean bizkor-bizkor moldatzera behartu gaitu. Ez du erabateko geldiera suposatu, Artelatzeko lan taldeak irakasle koordinatzaileekin harremanetan eta lanean jarraitzen dugulako.

 

Argi ikusten dugu egoera normal batean ematen den azken faseari dagokion lana egokitu egin behar dela. Hirugarren hiruhilekoan, Ikasleen arteko Foroa eta Udalbatza gauzatzea egokitzen zaigu. Horrek, herri mailako diagnostikoa burututa izatea eta emaitzak aztertzea eskatzen du. Jabetzen gara errealitate ezberdinen aurrean gaudela eta herri bakoitzean topatzen ari garen berezitasunei aurre egitea da Artelatzetik jorratzen ari garen lana.

Adibidez, “Ikasleen arteko Foroa” egitea zaila izango dela iruditzen zaigu. Baina Udalbatza mantentzearen aldekoak gara, hau da, aurrera eramateko lanean gaude, irakasleei ahalik eta lan gutxiena emanez. Ohiko Udalbatzaren formatua egokitu nahi dugu, laburragoa eta formatu txikiagoan utziz. Saioak presentziala edo birtuala, kasuan-kasuan. Herri bakoitzetik ordezkari batzuk eraman/konektatu eta alkateari batez ere azken dokumentua aurkeztu. Erronka polita dugu aurrean, eutsi goiari!