Aurten ere, Bilboko Udalak, Ecovidriok eta Ecoembesek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ikastetxeei zuzenduriko birziklapen kanpaina abian jarri dute.
Urriak 19 eta 26an, kanpainaren aurkezpena egin zen Bilboko Ingurugelan (Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten ikastetxeei) baita Bilboko Berritzegunean ere (Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetako zuzendariei). Kanpaina honen bigarren edizioa da eta 16-18 urteko neska-mutilak birziklatzearen arloan sentsibilizatzeko eta gaiaz jabearazteko jarri da abian, otsailaren 5etik martxoaren 31ra bitartean luzatuko delarik. Bilboko 32 ikastetxek parte hartuko du, guztira, 1.600dik gora neska-mutil izango dira etxeko hondakinak birziklatzeari buruzko edukiak aztertzen. Halaber, 1.800 iman banatuko dira etxera eramateko, errealitate areagotuarekin. Iman horiek kanpainako hiru edukiontziei (beira, ontziak eta kartoia eta papera) buruzko informazio orokorra daukate, etxean hondakinak bereiztea zein garrantzitsua den konturatu daitezen. Iaz ebaluazioan puntuazio ona jaso zuen kanpainak, azken nota 8,5 izan baitzen eta, besteak beste, arrazoi horregatik kanpaina bultzatzen duten erakundeek beraien indarrak batu dituzte, birziklatze-tasa hobetzeko eta etxean eta eguneroko bizimoduan birziklatzea zein garrantzitsua den ohartarazteko.