30 ikastetxeetako 72 ikastalde eta 1.400 ikasle inguruk hartuko dute parte.
Azaroaren 6an eman zitzaion hasiera Sasieta Mankomunitateak Goierriko eta Urola Garaiko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei zuzendutako “Hondakinak kitto” ingurumen-hezkuntza programari. Seigarren edizioa izango da eta Makomunitatearen eremuko udalerrietako ikastetxeetan garatuko da abenduaren 19a bitartean.
Ikasleei zein irakasleei zuzendutako kanpaina honen helburu nagusiak hondakin gutxiago sortzearen garrantziaz ohartaraztea, berrerabilera sustatzea eta birziklatzean sakontzea dira; azken atal horretan, edukiontzi horian biltzen diren hondakinen gaikako bilketa azpimarratuz, zalantza gehien sortzen dituen lerroa baita.
Artelatzeko ingurumen-hezitzaile adituen eskutik Lehen Hezkuntzako ikastaldeekin bi saio egin dira, informazioa emateaz gain jolasen bidez landuz. Bigarren Hezkuntzakoekin kontsumoa eta hondakinen sorreraren arteko loturan sakontzen da gazteen ikuspegitik.
Beiraren birziklatzea indartzeko ekimen osagarriak
Halaber, Sasieta Mankomunitateak Ecovidrio erakundearekin batera beste bi ekimen garatuko ditu. Lehena, azaroan garatu genuen; ingurumen-hezitzaile bikote bat ibili da hainbat udalerrietako kaleetan triziklo berezi batzuen laguntzaz beirazko ontziak gehiago eta hobeto birziklatzeko informazioa zabaltzen herritarren artean. Sei udalerrietan izan dira: Lazkao, Beasain, Ordizia, Urretxu, Legazpi eta Zumarragan.
Bestalde, Beasain, Urretxu eta Zumarragan kanpaina berezia egin dugu ostalaritzako sektorean beirazko ontzien birziklatzea sustatzeko. Establezimendu guztiak bisitatu dira, informazioa emanaz eta gaika biltzeko baliabide materialak eskainiz.