Maiatzaren azken egunerako jarduera berezi bereziak eskaintzen dizkizuegu Aralar, Aiako Harria eta Aizkorri-Aratz natura parkeetako parketxeetatik.
Aralarren, Joseba Insausti artzain gazteari bisita bat egingo diogu bere etxolan, bertan gazta nola egiten duen kontatuko digu. Josebak “Idiazabal” denominazioaren barruan “mendiko gazta” deritzona egiten du. Bisita honetan, aspalditik Aralarko mendigunean hain garrantzitsua izan den ogibide honek gaur egun ere bere lekua izaten jarraitzen duela ikusiko dugu. Informazio gehiago
Zegaman, aginte makila trukatzeko ohitura zaharra berreskuratuko da igande honetan. Antzinatik mantentzen den ohitura honetan Idiazabalgo herriak Zegamako herriari, Aizkorriko larreetara igotzeko, bere lur eremutik pasatzeko baimena eskatzen dio. Hitzarmenaren ikurra aginte makilaren trukaketa da, Santa Krutz ermitaren aurrean egiten dena. Zegamako alkateak Idiazabalgoari botere makila ematen dio, denbora-tarte batean herriarengan duen boterea galduz. Ekitaldi honen aurretik, Anduetza Parketxeak ibilaldi gidatua eskaintzen du Oria ibaiaren babesgunetik barrena, besteak beste; natur baliabideak, ermitak, antzinako ospitaleak, ohitura zaharrak, Partzoneria erabilerak…ezagutzeko. Informazio gehiago
Aiako Harrian aldiz, azaroaren azken astean Arditurrin piztuko den txondorra elikatzeko ikazkinek beharko duten egurra moztuko da Oiartzungo Oielekun. Joxe Billaluzek “Leatzak” eta Joxe Manuel Etxartek “Trumoiak” (Oiartzungo ikazkin ohiek) pago motzak lepatuko dituzte eskuz, lehen egiten zen moduan, irizpide jasangarriak jarraituz. EHU-ko irakaslea den Alvaro Aragon Ruano adituaren azalpenekin jarduera honek Historian zehar izan duen garrantziaz jabetuko gara. Informazio gehiago