Aiako Harriko basoetan antzinatik erabili da zuhaitzak kimatzearen teknika, adarrak altuera jakin batean moztuta, egur ekoizpen handiagoa lortzen baitzen. Gaur egun ere ugariak dira antzinako teknika honen lekukoak gure basoetan, pago motzak. Pago motzak ikazkintzari lotuak egon dira aspalditik, txondorgileek pagoak kimatuz lortzen baitzuten txondorra egiteko behar zuten egurra. Horrela, maiatzaren 11ean, larunbatez, azaroan Arditurrin piztuko den txondorra egiteko beharrezkoa den egurra moztuko da basoan, Oiartzungo Antonsoron (eskuz eta mandoak baliatuz). Joxe Billaluze “Leatza” eta Joxe Manuel Etxarte “Trumoia” ikazkin ohiak izango dira kimatze lanetan arituko direnak, Albaola,  itsas kultur erakundeko kideen laguntzarekin. Pagoak eskuz moztuko dituzte, egurra pilatu eta ondoren mandoaz baliatuz garraiatuko dute. Gainera gaian adituak diren Alvaro Aragon (Euskal Herriko historian aditua) eta Mikel Leoz (itsas historian aditua) izango dira bertan eta teknika honen aberastasun historiko eta naturalaz jabetzen lagunduko digute.

Elkargunea, Kausoroko aparkalekua izango da (Artikutza bidea 12. kilometroa), arratsaldeko 16:30ean eta  ekimenaren iraupena bi ordukoa izango da. Kausoroko aparkalekutik, Arditurriko Parketxeko hezitzaileek Antonsororaino gidatuko dute taldea, kimaketa egingo den basoraino hain zuzen ere. Zailtasunik gabeko bidea da eta ibilbide labur honen iraupena 20 minutukoa izango da. Oinetako egokiak ekartzea gomendatzen da.  Gipuzkoako Parketxe Sarea, Oiartzungo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira ekimen honen antolatzaileak, Life+ Biodibertsitatea eta Zuhaitz Motzak proiektuaren diru-laguntzarekin.

Oiartzungo ikazkintza

“Pago motzak kimatzen Aiako Harrian: txondorra elikatzen” ekimenak, Oiartzungo ikazkintza ekimenarekin bat egiten du. Hain zuzen, maiatzaren 11ean moztuko den egurra, azaroaren 23an Arditurrin piztuko den txondorra egiteko erabiliko da. Modu honetan, txondorraren eraikuntzaren prozesua hasieratik  amaieraraino ikusi ahal izango dute bisitariek: egurraren mozketa, txondorra piztearen festa eta ikatza jasotzeko momentua.

Informazio gehiago:

Arditurriko Parketxea

943 494521/943 495069

arditurri@gipuzkoamendizmendi.net