Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketarako Departamentuak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Departamentuaren Gipuzkoako Ordezkaritzaren laguntzaz hezkuntzaren eremuan hondakinak prebenitu eta birziklatzeko kanpainaren edizio berria antolatu du, Artelatz Kooperatibak kudeatuta. Bost urte daramatzagu eskolarteko hiri-hondakinak prebenitzeko kanpaina hori garatzen Gipuzkoako ikastetxeetan. Ikastetxeak eragile erabakigarriak dira baloreak, jarrerak eta portaerak aldatze aldera, informazioa eta gaitasuna emateko.
Guztira 23 neurri ezberdin eskaini dira 2012-2013 ikasturtean zehar. Horien artean, papera hobeto aprobetxatzea; tonerrak berrerabiltzea; ikastetxeetako material didaktikoa berrerabiltzea; bigarren eskuko merkatuak antolatzea; konposta egitea; hondakinen ontzien birziklapena edo ikasleen hamaiketakoan alferrikako bilgarriak eta gehiegi bildutako produktuak saihestea. Adibide bat jartzeko, aurtengo edizioan 20 ikastetxek etxeko konpostagailua eta behar den bezala erabiltzeko ikastaroa eskatu dute ikastetxean sorten dituzten biohondakinekin konposta egiteko eta ikasleriaren artean hondakinen kudeaketa mota hau zabaltzeko.
Kanpaina oso arrakastatsua izan dela esan dezakegu, Gipuzkoako 114 ikastetxek parte hartzen dute aurten. Zorionak guztioi!