Irailaren 16an, Arditurri Bide Berdearen I. eguna ospatu zen Oiartzunen, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioa eta Oiartzungo Udalak antolatuta. Egitarau zabala prestatu zen egun berezi honetarako eta 500 pertsonek hartu zuten parte antolatu ziren ekimen ezberdinetan. Egunari hasiera emateko, goizeko 10:00tan Arditurriko I. bizikleta martxako parte hartzaileak Oiartzungo Doneztebe plazan elkartu ziren. Lartaun elkarteko kideen laguntzaz, Arditurrirantz abiatu ziren, bide berdean zehar sei kilometro eginaz.

 

Bizikleta martxaz gain, Arditurriko meategiak prezio murriztuan bisitatzeko aukera izan zuten gerturatu zirenek. Gaztetxoentzako jolasak ere egon ziren Tta-k elkartearen eskutik: zinta jolasa, herri kirolak, arrantza jolasa…Girizia elkarteak janari eta edari zerbitzua eman zuen  eta eguerdiko 12:00etan sari ezberdinak zozkatu ziren bizikletaz gerturatu zirenen artean.