Birziklatu zalantzarik gabe Gasteizen

Birziklatu zalantzarik gabe Gasteizen

Abenduaren 19tik 29ra Gasteizko lau zentro zibikotan ibiliko gara hiri-hondakinen birziklapena sustatzeko instalazio batekin. Gasteizko Udala eta Ecoembes erakundeen eskutik, edukiontzi horian bildu beharreko hondakinen erakusketa bat izango da ikusgai eta Hondakinen erruletarekin jolas egiteko aukera izango da: egokitzen den hondakina non utzi behar den asmatzea da jolasa. Bi ingurumen-hezitzaile egongo dira saioa dinamizatzen eta herritarrei informazioa ematen, izan ditzaketen zalantzak argituz. Parte hartzen duten guztien artean bertako elikagaiez betetako saski bana zozketatuko da zentro guztietan. Informazio euskarri bat ere banatzen zaiei herritarrei. Zatoz jolastuz ikastera!

-Abenduak 19, 20: Iparralde zentro zibikoa

-Abenduak 21, 22: Salburua zentro zibikoa

-Abenduak 26, 27: Ibaiondo zentro zibikoa

-Abenduak 28, 29: Zabalgana zentro zibikoa

Ordutegia: 16:30-20:30

Eguberrietako haur parkeetan, beste urtez batez

Eguberrietako haur parkeetan, beste urtez batez

Aisialdiko denbora une aproposa da haurren arreta gureganatzeko eta hondakinen birzklapenaz ikasteko, ondo pasatzen duten bitartean. Horixe da helburua, hain zuzen ere. Aurten, Irungo Ficoba erakustazokan ospatuko den Txingudiko Eguberrietako Haur Parkean, Superheroien dameroaren gunea zabalik izango da Txingudiko Zerbitzuak erakundearen eskutik, nahi duen guztiekin jolasteko: familiak, gurasoak, haurrak… guztiak elkarrekin, jolas giro atsegin eta familiarrean. Aurreko urteetan bezela, 6.000 pertsona ingururekin partekatu nahi genuke esperientzia.

Bestalde, Donostiako Kursaal jauregiko Eguberrietako Haur Parkean ere ibiliko gara, ECOVIDRIOren gunea dinamizatzen. Bertan, iglu berdean zer hondakin utzi behar diren eta zeintzuk ez ikasteko aukera egongo da, jarduera dibertigarrien bitartez: tailerrak, photocalla, jolasak… bertaratzen diren guztien gozagarri gertatuz, haur eta gaztetxoena bereziki.

BIRZIKAR-KAR-KAR-KETAREN MONOLOGOAK

BIRZIKAR-KAR-KAR-KETAREN MONOLOGOAK

Txingudiko Zerbitzuak, Ecoembesen eta Ecovidrioren eskutik, hondakinen gaikako bilketaren inguruko sentsibilizazio kanpaina berritzaile eta dibertigarria antolatu du azaroan zehar. Kanpainaren oinarria, monologo komikoen artea ohiko mezua zabaltzeko erabiltzea izan da: gehiago eta hobeto birziklatzea.

Monologoak bi eszenategi ezberdinetan garatu dira: tabernak eta FICOBA erakustazokako auditorioma. Hiru ostiral eta beste horrenbeste larunbatetan zehar bertako monologari Behe-Bidasoako 12 ostalaritza-establezimendutan izan dira, hurbildutako jendetzari farre algarak eraginez. Kanpaina amaitzeko ikuskizun berezia antolatu zen FICOBAko auditoriumean abenduaren 3an. Bertan, Txabi Franquesa umoregile ezagunak beste hainbat monologariekin batera, ikuskizun aparta eskaini zuten, bertaratuak farrez leher araziz; programatu ziren bi saioetarako sarrerak agortu egin ziren.

“Hondakinak kitto” programa abian da Sasieta Mankomunitatearen eskutik

“Hondakinak kitto” programa abian da Sasieta Mankomunitatearen eskutik

30 ikastetxeetako 72 ikastalde eta 1.400 ikasle inguruk hartuko dute parte.

Azaroaren 6an eman zitzaion hasiera Sasieta Mankomunitateak Goierriko eta Urola Garaiko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei zuzendutako “Hondakinak kitto”  ingurumen-hezkuntza programari. Seigarren edizioa izango da eta Makomunitatearen eremuko udalerrietako ikastetxeetan garatuko da abenduaren 19a bitartean.

Ikasleei zein irakasleei zuzendutako kanpaina honen helburu nagusiak hondakin gutxiago sortzearen garrantziaz ohartaraztea, berrerabilera sustatzea eta birziklatzean sakontzea dira; azken atal horretan, edukiontzi horian biltzen diren hondakinen gaikako bilketa azpimarratuz, zalantza gehien sortzen dituen lerroa baita.

Artelatzeko ingurumen-hezitzaile adituen eskutik Lehen Hezkuntzako ikastaldeekin bi saio egin dira, informazioa emateaz gain jolasen bidez landuz. Bigarren Hezkuntzakoekin kontsumoa eta hondakinen sorreraren arteko loturan sakontzen da gazteen ikuspegitik.

Beiraren birziklatzea indartzeko ekimen osagarriak

Halaber, Sasieta Mankomunitateak Ecovidrio erakundearekin batera beste bi ekimen garatuko ditu. Lehena, azaroan garatu genuen; ingurumen-hezitzaile bikote bat ibili da hainbat udalerrietako kaleetan triziklo berezi batzuen laguntzaz beirazko ontziak gehiago eta hobeto birziklatzeko informazioa zabaltzen herritarren artean. Sei udalerrietan izan dira: Lazkao, Beasain, Ordizia, Urretxu, Legazpi eta Zumarragan.

Bestalde, Beasain, Urretxu eta Zumarragan kanpaina berezia egin dugu ostalaritzako sektorean beirazko ontzien birziklatzea sustatzeko. Establezimendu guztiak bisitatu dira, informazioa emanaz eta gaika biltzeko baliabide materialak eskainiz.

Bost plan Gipuzkoako parketxeetan

Bost plan Gipuzkoako parketxeetan

  1. Lizarrustiko txondorra ikusgai

Abenduaren 3an piztu genuen Lizarrustiko txondorra eta abenduaren 23ra arte egongo da piztuta. Hiru aste horietan zehar ikusgai egongo da gerturatzen den ororentzat. Gerturatu zaitezte Aralarko Natura Parkera ikazkinen lana bertatik bertara ezagutzera.

  1. Trenez Arditurrira

Abenduko zubian Arditurriko meategia ezagutzeko aukera aparta duzue: tren berdearekin bertaraino hurbildu eta Arditurriko meategian barneratu ahal izango zarete, eta hori guztia prezio borobilean. Gainera, abenduaren 1ean zabaldu zen erakusketa ere egongo da ikusgai. Erreserba egitea nahitaezkoa izango da.

  1. Hegazti askatzea Arantzazun

Datorren abenduaren 8an, ostiralarekin, Arantzazuko Parketxeko inguruetan, Igeldoko Arrano Etxean sendatutako zapelatz batzuk askatuko dira. Plan ederra proposatzen du beraz Arantzazuko Parketxeak datorren zubirako, ez galdu aukera eta zatoz momentu magiko hau bizitzera!

  1. Anduetza Parketxea, Goierriko bihotzean

Anduetza Parketxea zabalik egongo da zubi osoan zehar, egurraren berezitasunak, Aizkorri-Aratz Natura Parkeko altxorrak eta askoz gehiago ezagutzeko aukera eskaintzen dizue Anduetza Parketxeak. Gerturatu Zegamara zubi honetan!

  1. Iturraran Parketxea

Iturraran XVIII. mendeko jatorrizko egurrezko egitura mantentzen duen baserri ederra da eta bisitarientzako harrera-gunea izateaz gain, Pagoetako Parke Naturalaren inguruko informazioa jaso daiteke bertan.