GAIKAKO BILKETA ELKARTE GASTRONOMIKOETAN

GAIKAKO BILKETA ELKARTE GASTRONOMIKOETAN

Euskal Herriko edozein eskualdeko bizi sozialean presentzia garrantzitsua izaten dute elkarte gastronomikoek, baita Bidasoa Behean ere. Lokal hauetan birziklatzeko jarrera jaitsi egiten denaren susmoa hartuta, Txingudiko Zerbitzuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Departamentuarekin elkarlanean, ingurumen sentsibilizazio kanpaina bat egiten ari da Artelatz Ingurumen Zerbitzuak S.L. enpresarekin. Kanpaina honen bitartez, hondakinen prebentzioa, berrerabilpena eta gaikako bilketa sustatu nahi dira Irun eta Hondarribiko 53 elkarteetan.

Kanpainaren lehen fasean, elkarte guztiekin harremanetan jartzea izan da lehen lana, ondoren euren hondakinak kudeatzeko sistema jasangarriago bat martxan jartzeko interesdunak bisitatu eta beharrezkoak dituzten baliabidez hornitzeko. Banatu den materiala ondorengoa izan da: soberan geratzen den janaria etxera eramateko ontziak; beiraren gaikako bilketarako 120 litroko edukiontzi berdeak (vacri sistemarekin, halako sistema daukan edukiontzirik gertu balego); papera eta kartoizko hondakinak biltzeko 90 litroko edukiontzi urdina; plastikozko, metalezko, egurrezko eta brik motako ontziak biltzeko 90 eta 30 litrotako edukiontzi horiak; materia organikoa biltzeko 10 eta 50 litroko edukiontziak, 10 litroko poltsa konpostagarriarekin eta kaleko edukiontzi marroiak irekitzeko txartelarekin batera; olioa gaika biltzeko inbutuak; eta gaikako bilketaren inguruan informatzeko euskarri grafikoak elkartean ikusgai jartzeko.

Kanpainan Hondarribiko 11 elkartek eta Irungo beste 27 elkartek eman dute izena, hau da, elkarte guztien %72ak. Otsailean zehar Artelatz Ingurumen Zerbitzuak SL berriz pasako da 38 elkarteetatik eta “in situ” egiaztatuko du sistema berriaren ezartze maila, hala nola, haietako bakoitzean sortutako arazoak identifikatuko ditu konponbide bat emateko asmoz.

Hondakinen prebentzioa elkarte gastronomikoetan

Hondakinen prebentzioa elkarte gastronomikoetan

Irunen eta Hondarribian 60 elkarte inguru daude sukalde eta jangelarekin. Herritar kopuru altua mugitzen da haien inguruan eta sortzen duten hiri-hondakin kantitatea ere garrantzitsua da.

Txingudiko Zerbitzuak erakundeak kanpaina berezia jarri du abian Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz bi udalerri hauetako elkarte gastronomikoetan hiri-hondakinen prebentzioa eta birziklapena sustatzeko.

Artelatzeko ingurumen teknikariek elkarte guztiak bisitatuko dituzte urrian zehar haien arduradunekin elkartuz. Bakoitzaren egoera ezagutuko dute lehenik, bertako hondakinen kudeaketa hobetzeko proposamenak luzatu ahal izateko. Helburu nagusia hondakin gutxiago sortzea eta elikagaien xahutzea saihestea izango da: janari-hondarrak aprobetxatzeko ontziak banatuz edota bilduki gutxiagoko produktuak proposatuz… Bestalde, sortutako hondakin guztien gaikako bilketa ondo egiteko laguntza eskainiko da, aholkularitza eta baliabide materialen bitartez (kuboak, poltsak…).

Iritsi da Bioterra, udako festa ekologikoa!

Iritsi da Bioterra, udako festa ekologikoa!

“Iritsi da Bioterra, Udako festa ekologikoa! Horrela aurkezten da Bioterra 2018. Produktu ekologikoak, bioeraikuntza, energia berriztagarriak eta kontsumo arduratsuari buruzko azoka antolatuko da FICOBAn ekainaren 1, 2 eta 3an. Bertan, Artelatz Ingurumen Zerbitzuak SL-k EXPORETRETE erakusketa ibiltaria, gaur egungoa eta parte-hartzailea, kudeatuko du Txingudiko Zerbitzuak-en eskutik eta helburua herritarrek saneamendu-sarearen kontsumo arduratsu bat egitea da.

6 gune desberdin dituen 55 metro koadroko iglu txuri bat da. Bertan, toallita hezeen gunea, komun-ontzia eta bertatik botatzen diren hondakinen gunea, kutsatzaile emergenteen panelaren gunea, koipe eta olioak ematen dituzten arazoak azaltzen duen espazioa eta azkenik, materia organikoaren isurketek saneamendu-sarean eragiten dituzten arazoen txokoa daude. Bideoak, jolasak eta elkarrekintzarako objektuek bisita atsegina, argigarria eta bitxia egiten dute.

Bermeoko ostalaritzan birziklapena sustatzen

Bermeoko ostalaritzan birziklapena sustatzen

Bermeoko Udalak, Ecovidriorekin batera, herrian gehiago eta hobeto birziklatzeko, komunikazio kanpaina pertsonalizatu bat jarri zuen martxan. Ostalari guztiek beirazko ontziak modu arduratsu eta egoki batean sailkatzera animatuz eta dagozkien edukiontzi berdean uzteko asmotan.

Ingurumen hezitzaile bat izan zen establezimendu guztiak bisitatzen maiatzaren 14tik 18ra bitartean. Beraien parte hartzeak beiraren birziklapenaren zikloan duen garrantzia gogorarazteko, honek dituen ingurumen onurak adierazteko eta edukiontzi berdean zer utzi daitekeen eta zer ez azaltzeko.

Beirazko ontziak igluraino eramateko kuborik ez zuten ostalariei, aukera eman zitzaien 40 litroko edo 90 litroko (ale-hop) kuboak eskatzeko. Guztira 90 litroko 21 kubo banatu ziren eta 40 litroko 11 kubo.

Ikastetxeetan BIRZIKLATU!-¡RECICLA! kanpaina garatzen ari gara berriro, etxeetan hiri-hondakinak birziklatzearen garrantziaz ohartarazteko

Ikastetxeetan BIRZIKLATU!-¡RECICLA! kanpaina garatzen ari gara berriro, etxeetan hiri-hondakinak birziklatzearen garrantziaz ohartarazteko

Aurten ere, Bilboko Udalak, Ecovidriok eta Ecoembesek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ikastetxeei zuzenduriko birziklapen kanpaina abian jarri dute.

Urriak 19 eta 26an, kanpainaren aurkezpena egin zen Bilboko Ingurugelan (Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten ikastetxeei) baita Bilboko Berritzegunean ere (Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetako zuzendariei). Kanpaina honen bigarren edizioa da eta 16-18 urteko neska-mutilak birziklatzearen arloan sentsibilizatzeko eta gaiaz jabearazteko jarri da abian, otsailaren 5etik martxoaren 31ra bitartean luzatuko delarik. Bilboko 32 ikastetxek parte hartuko du, guztira, 1.600dik gora neska-mutil izango dira etxeko hondakinak birziklatzeari buruzko edukiak aztertzen. Halaber, 1.800 iman banatuko dira etxera eramateko, errealitate areagotuarekin. Iman horiek kanpainako hiru edukiontziei (beira, ontziak eta kartoia eta papera) buruzko informazio orokorra daukate, etxean hondakinak bereiztea zein garrantzitsua den konturatu daitezen. Iaz ebaluazioan puntuazio ona jaso zuen kanpainak, azken nota 8,5 izan baitzen eta, besteak beste, arrazoi horregatik kanpaina bultzatzen duten erakundeek beraien indarrak batu dituzte, birziklatze-tasa hobetzeko eta etxean eta eguneroko bizimoduan birziklatzea zein garrantzitsua den ohartarazteko.

Birziklapena sustatzeko totemak

Birziklapena sustatzeko totemak

Hondakinekin egindako egitura bereziak Tolosaldeko herrietan ikusgai

Tolosaldeko Mankomunitateak Ecovidrio eta Ecoembes erakundeen laguntzarekin antolatu duen sentsibilizazio kanpaina berri honek herritarrei laguntza eskaini nahi die informazio zehatza eta deigarria esku-eskura jarriz. Horretarako, nola birziklatu argi azalduko duten informazio egitura berezi batzuk jarriko dira eskualdeko 20 herritan. Zurezko paletak berrerabiliz eginiko egitura berezi horietan birziklapen-lerro ezberdinetan bereiztuta jaso behar diren benetako hondakinak jarri dira erakusgai eta baita informazio panelak ere.
2017an etxeetako hondakinen gaikako bilketaren bataz bestekoa %62,30era iritsi da. Hala eta guztiz ere, badago zer hobetua eta horixe da xedea, hau da, gehiago eta hobeto birziklatzea.

20 herri 23 astetan
Urtarrilaren 10ean hasitako ekimenak hogei herritan jarriko dira egiturak ikusgai, Tolosako kasuan hiru auzoetan. Kanpaina honetan, herri txikiek izango dute protagonismoa.
Bilketa puntuen kopuruaren arabera, iraupen ezberdinez egongo dira herri bakoitzean, bi aste eta lau asteren artean.
Aste honetan eta hurrengoan Tolosako Bedaio auzoan, Adunan eta Lizartzan izango dira ikusgai.
Egutegi osoa ikusteko: http://www.tolosaldekomankomunitatea.eus/euskara/albisteak/birziklapena-sustatzeko-totemak