Hondakinak kitto! kanpaina

Hondakinak kitto! kanpaina

Sasieta Mankomunitateko (Goierri eta Urola Garaia) Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei zuzenduriko hondakinei buruzko kanpaina garatu da urrian, azaroan eta abenduan.

Kanpaina hau, Hondakinak kitto! izenburupean egin da eta parte hartzaileak, LH-ko 20 ikastetxe eta 738 ikasle, eta DBHn berriz, 11 ikastetxe eta 668 ikasle izan dira.

Jorratu diren gaiak Murrizketa, Berrerabilpena eta Birziklapena izan dira batez ere. LH-n bi saio burutu dira ikastalde bakoitzarekin, bata gelan eta bigarrena patioan. DBH-n aldiz, saio bakarrean, gaur egungo gizarte kontsumista, publizitatea, merchandising teknikak ere aipatu dira, aurrekoez gain.

Urtez urte, oso arrakastatsua den kanpaina bat da oraintsu aipatutakoa, beti ere modu dinamikoan lantzen direlako kontzeptuak eta jolas moduan planteatuta errazago ikasten dutelako ikasleek. Gainera, irakasle zein gurasoen parte hartzea ere izan du, guztiok baikara gaur eta etorkizunean hondakinen arduradun.

Agenda guztiak zabalik

Agenda guztiak zabalik

Ikasturte berriari eutsiz Artelatzeko lan-taldeak Eskolako Agenda 21 programari hasiera eman dio. Denera, 23 udalerrietan Tokiko Agenda 21 programa garatzen hastearekin batera, eskola eta udalerri horien arteko sinergia garatzeko lanari eragiten diogu eta aukera bikaina zabaltzen da beren ingurumen-programak uztartzeko. Ingurumen aldagai ezberdinak aukeratu dira, besteak beste: lurzorua, paisaia, energia eta klima aldaketa, kontsumo jasangarria…jorratzeko aukera izango dute gurekin lanean jardungo diren ikastetxeak. Azken finean, proiektua komunitatearen partaidetzan oinarritzen da, eta udalerriko garapen jasangarrian esku hartu eta laguntzen du. Ingurumen-hezkuntza programa bat denez, ingurumen-arazoen konponbidean parte hartzeko ezaguera, gaitasuna, jarrera, motibazioa eta konpromisoa garatzea da xede nagusia.Ikasturtean zehar emango dizuegu programari buruzko xehetasun gehiago, bitartean animo eta lanera!

Hondakinen prebentzioa elkarte gastronomikoetan

Hondakinen prebentzioa elkarte gastronomikoetan

Irunen eta Hondarribian 60 elkarte inguru daude sukalde eta jangelarekin. Herritar kopuru altua mugitzen da haien inguruan eta sortzen duten hiri-hondakin kantitatea ere garrantzitsua da.

Txingudiko Zerbitzuak erakundeak kanpaina berezia jarri du abian Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz bi udalerri hauetako elkarte gastronomikoetan hiri-hondakinen prebentzioa eta birziklapena sustatzeko.

Artelatzeko ingurumen teknikariek elkarte guztiak bisitatuko dituzte urrian zehar haien arduradunekin elkartuz. Bakoitzaren egoera ezagutuko dute lehenik, bertako hondakinen kudeaketa hobetzeko proposamenak luzatu ahal izateko. Helburu nagusia hondakin gutxiago sortzea eta elikagaien xahutzea saihestea izango da: janari-hondarrak aprobetxatzeko ontziak banatuz edota bilduki gutxiagoko produktuak proposatuz… Bestalde, sortutako hondakin guztien gaikako bilketa ondo egiteko laguntza eskainiko da, aholkularitza eta baliabide materialen bitartez (kuboak, poltsak…).

Parketxeak ikasturte berrirako prest

Parketxeak ikasturte berrirako prest

Ikasturte hasierarekin batera hasi zaizkigu Parketxeak ikaslez betetzen. Uda osteko eguzki izpi eta paisaia berdez gozatzeko aukera dugu oraindik, ate joka dugun udazkena heldu aurretik. Ikasturte honetarako makina bat taldek egin dute erreserba dagoeneko eta ikastetxe guztietara egiten dugu deialdia, gure Parketxeetako ateak zabalik dituzue.

17. Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia

17. Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia

Maiatzaren 25etik 27ra burutuko den Zegama-Aizkorri Maratoia gaur egun Natur guneetan elkarbizi diren jarduera ezberdinen erakusgarri da, kasu honetan goi mailako kirolarekin lotura duena. Baina beste hainbat altxor ere gordetzen dira Aizkorri mendizerraren magalean.

Maratoiaren aitzakian jende andana hurbilduko da Aizkorpe bailarara eta aurten ere Aizkorri-Aratz Natura Parkean dagoen Anduetza Parketxeak ateak zabalik izango ditu, maratoiaz gain, inguruan aurkituko duen aukera turistiko zabalaz eta denentzako egokitutako ibilbideetan laguntzeko prest.

Hau horrela, Anduetza Parketxeak gonbidapena luzatzen dio Egunotan Zegamatik pasako den bisitari orori, Aizkorri-Aratzen ezkutatzen diren altxor guztiak ezagutzeko. Bertan antzinako basoen kudeaketa sistema, mundu osoko egur laginak biltzen dituen xiloteka eta enborren erakusketa, San Adriango igarobidean egindako aurkikuntzak eta beste hainbat gauza gertutik ezagutu ahal izango dituzte gerturatzen direnek.

Maratoiaren inguruko informazio gehiagorako: www.zegama-aizkorri.com/eu/

Iritsi da Bioterra, udako festa ekologikoa!

Iritsi da Bioterra, udako festa ekologikoa!

“Iritsi da Bioterra, Udako festa ekologikoa! Horrela aurkezten da Bioterra 2018. Produktu ekologikoak, bioeraikuntza, energia berriztagarriak eta kontsumo arduratsuari buruzko azoka antolatuko da FICOBAn ekainaren 1, 2 eta 3an. Bertan, Artelatz Ingurumen Zerbitzuak SL-k EXPORETRETE erakusketa ibiltaria, gaur egungoa eta parte-hartzailea, kudeatuko du Txingudiko Zerbitzuak-en eskutik eta helburua herritarrek saneamendu-sarearen kontsumo arduratsu bat egitea da.

6 gune desberdin dituen 55 metro koadroko iglu txuri bat da. Bertan, toallita hezeen gunea, komun-ontzia eta bertatik botatzen diren hondakinen gunea, kutsatzaile emergenteen panelaren gunea, koipe eta olioak ematen dituzten arazoak azaltzen duen espazioa eta azkenik, materia organikoaren isurketek saneamendu-sarean eragiten dituzten arazoen txokoa daude. Bideoak, jolasak eta elkarrekintzarako objektuek bisita atsegina, argigarria eta bitxia egiten dute.