Irailaren 18az geroztik hondakinen bilketa sistema berriaz informatzeko kanpaina sendoa burutzen ari gara Errenterian, Udalak kontratatuta. Sistema berriarekin udalerriko hondakin organikoa eta errefusa jasotzeko edukiontziak itxi egingo dira azaroaren 13tik aurrera eta etxebizitza eta komertziotara bidaliko den txartela erabiltzea beharrezkoa izango da edukiontziak ireki ahal izateko, asteko 7 egunetan, edozein ordutan. Kanpainan zehar 12.000 etxebizitza bisitatu dira (orain arte edukiontzi marroia erabiltzen ez zutenak) herritarrei informazioa aurrez aurre eskaintzeko. Bestetik, jarduera ekonomikoa duten 1130 komertzio ere bisitatu ditugu. Horiei guztiei, materia organikoa modu egokian banatzeko beharrezko den materiala, hots, kuboa, poltsa konpostagarriak eta Birziklapen Gida banatu zaie.

Hamabost ingurumen-hezitzaileko lantaldea ibili da landa-lanean eta furgoneta elektrikoak erabili dira materialen banaketan.

Horrez gain, kanpaina hasi zenetik hainbat komunikazio ekintza burutu dira edukiontzien aldaketa, txartel banaketa eta edukiontzien itxieraz informatzeko, besteak beste, Udaletxe aurrean zabaldu den informazio-etxola, zeinetan bilketa sistema berriaren inguruan informazio zuzena eskaintzen den eta edukiontzi marroia erabiltzeko materiala eskura daitekeen kanpaina amaitu bitartean.