Urtero lez, aurten ere Arditurri eguna ospatuko da uztailaren 10ean Arditurriko Parketxean, Oiartzunen. Egun berezi honetarako, jarduera bereziak antolatu dira, goiz zoragarri bat pasatzeko aukera eskainiz. Bosgarren edizio honetan, gonbidatu bereziak izango dira Arditurrin izan ere Irrien Lagunek giro aparta jarriko dute, lehenik jolasak dinamizatuz (11:30ean) eta ondoren kanta eta dantza saioarekin (12:30ean).

Goizean zehar  meategira bisita gidatuak eskainiko dira prezio murriztuan, meategiaren ustiapenaren nondik norakoak ezagutzeko aukera paregabea. Historiaurreko bizimoduaren esperientzia bizi nahi dutenek ere, goizeko 11:00etan aukera izango dute egurraren bidez sua egiteko teknikak frogatu edota ehizarako bultzagailu bidezko gezi jaurtiketan trebatzeko, Suhar taldearen eskutik.

Gipuzkoako Parketxeek udan antolatu dituzten jarduera berezien berri izateko, www.parketxesare.org webgunea bisitatu daiteke.