Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateak herritarrei zuzendutako App-a sortu du, gailu mugikorretarako (telefonoak eta tabletak) pentsatutako aplikazio informatikoa. Aukeren artean, Behe Bidasoako uraren eta hondakinen kudeaketa integralari buruzko ingurumen-kontsultak egin daitezke. Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak Kooperatiba arduratuko da, hain zuzen ere, zerbitzu horri erantzuna emateaz. Hainbat helburu lortu nahi dira aplikazio horren bidez: alde batetik, eskualdeko herritarrei informazio hurbilagoa eta osoagoa ematea eskaintzen diren zerbitzuen inguruan, eta bestetik, komunikazio bide berri bat zabaltzea abisuak bidali edo zalantzak argitu ahal izateko.

Aplikazioa jaisteko prest dago Appleren APP Storen eta Androiden Market Storen. ERLEA du izena eta doakoa da. Erabiltzeko oso erraza da eta 6 atal ditu:

  • Gorabeherak:  edozein gorabeheraren berri emateko aukera ematen du (ur-jario bat, paperontzi bat hautsita dagoela, eta abar), eta nahi izanez gero ilustratu ere egin daitezke deskribapenarekin, argazkiarekin eta kokaleku geografikoarekin.
  • Zerbitzuak: Tokiko zerbitzuak aurkitzeko balio du, esate baterako, etxetik hurbilen dituzun edukiontzi-guneak, Herritarrak Atenditzeko bulegoa edo garbiguneak non dauden, adibide batzuk jartzeagatik.
  • Gaurkotasuna: Eguneko berriak eskaintzen ditu Txingudiko Zerbitzuekin loturik, egon daitezkeen ur-etenaldi programatuak barne.
  • Adierazleak: kudeaketarekin loturiko intereseko datu eta markatzaile nagusiak biltzen ditu: birziklatze tasak, urtegien egoera.
  • Kontsultak: Birziklatzearekin loturiko zalantzak argitzen ditu, esate baterako, hondakin jakin bat non utzi behar den edo jaso ondoren harekin zer egitenden. Web orrian zabaldu den “Birziklatu nahi dut” sail berriarekin loturik dago atal hau”.
  • Konfigurazioa: hizkuntza, euskara ala gaztelania, hautatzeko aukera ematen du.