Hondakinak

Birziklatzearen bingoa, Bilbao lehen lerroan

Bilboko herritarrei zuzendutako ekintza berritzailea jarri dugu abian urrian eta azaroan “Birziklatzearen bingoa, Bilbao lehen lerroan” lemapean. Urriaren 17tik azaroaren 3ra bitartean iraun zuen kanpaina honek birziklatzearen garrantziaz herritarrak jabearazi eta kontzientziarazi nahi ditu modu ludikoan. Kanpaina Bilboko Udalak eta Ecoembes eta Ecovidrio erakundeek antolatu zuten, ideiaren sorrera, garapena eta ekoizpena Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak Kooperatibarena izanik. Urriaren 17tik azaroaren 3ra bitartean garatu da Bilboko Areatzako pasealekuan 14 egunetan eta hasieratik ezarritako helburuak bete ditugu: birziklatzearen garrantziaz herritarrak jabearazi ditu kanpainak.

Ekimen berritzaile baten bitartez, alde ludikoa eta ingurumen sentsibilizazioa uztartzen saiatu gara hiritargoaren parte-hartze nabarmena lortuz. Gutxi gorabehera 16.000 lagunek parte hartu dute bingoaren jokuan; 8.000 egutegi banatu dira eta estimazioen arabera 50.000 lagunek nolabaiteko harremana izan dute kanpainarekin. Kanpaina oso ondo zabaldu da komunikabideei esker eta Bilboko hiriaren postontzi guztietan banatu dugun diptikoari esker (152.000 ale).

Bingoa hiritargo ia osoak ezagutzen duen jokua denez, familia osoarentzat zuzendutako kanpaina batean bilakatu da, haur, gazte, heldu zein aiton-amonek gustura parte hartu baitute. Karparen barne giroa oso ona izan da, umore onez eta irrifar batekin parte hartuz eta ikasiz. Bilboko Areatzan kokatzea eta karpa berritzailea eta deigarria izatea ere asko erraztu dute hiritargoaren erantzun bikaina.

Plastikozko, metalezko, brik motako ontziak, beira eta paperezko eta kartoizko ontziak ondo bereiztearen garrantzia gogoratzea lortu dela pentsatzen dugu. Beraz, linea horia, urdina eta berdean jasotako ontzien kalitatea eta kantitatea hobetuko dela uste dugu.

Iruzkina gehitu