Urtero bezalaxe, Lasarte-Oriak Aste Berdea ospatu zuen Ingurumen Nazioarteko egunaren barne. Bertako udalak, Artelatzen kudeaketarekin, Ekonomia berdea: hartzen al zaitu? lelopean hainbat ekintza antolatu zituen ondorengo gaiak lantzeko: hondakinak, energia, eraginkorra den gidapena, kale-garbitasuna, mugikortasuna, ura, elikadura, etabar. Herritar guztiek ekintza jasangarriei buruzko informazioa eskura izan zuten, hala nola herri barruko desplazamenduetan oinez edo bizikletaz egitea; ur kontsumoa murrizteko etxeko iturrietan aurrezkailuak jartzea; eguneko esne-makina esnea erostea; larunbatero barazkiak baserritarrari zuzenean erostea edota poltsa berrerabilgarriak aukeratzea. Argazkian Lasarte-Oriako Ingurumen Sailaren zinegotzia den Nerea Sánchez eta Artelatzeko teknikaria den Mikel Urruzola Aste Berdearen aurkezpenean.