Ekainean Artelatzek Lasarte-Oriako Zabaleta auzoan auzolanean egiteko konposta saioa eskeini du. Sortzen dugun materia organikoa aprobetxatu eta deskonposatuz, lurra aberasteko ongarria ateratzea du helburu konposta egiteak. Aitziber Sarasola, Artelatzeko teknikariak azaldu zuenaren arabera etxean konposta egitea erraza da. 2011ko udaran Zabaleta auzoko hainbat bizilagun autokonposta egiten hasi ziren eta epe honetan sortutako zalantzak argitzen aritu zen aditua. Guztira 25 lagun bildu ziren Lasarte-Oriako auzo honetan konposta< egiten ikasteko eta prozesu honen oinarrizko lau arauak zeintzuk diren gogoratzeko. Sarasolaren hitzetan, konpostagailua lurzoruaren gainean jarri behar da nahi et anahi ez, lurrarekin kontaktu zuzena izan dezan. Gainera, beharrezkoa da materia organikoa %50 berdea (hezea) eta 50% marroia (lehorra) izatea, oreka hori mantenduz. Aerobio deritzogun konposta egiteko astean behin edo bitan konposta nahastu egin behar da, konposta egiten lagunduko duten mikroorganismo eta xomorroak oxigenoa izan dezaten. Bukatzeko, hezetasuna kontrolatu behar da, lehen aipatutako oreka hori errespetatzea ezinbestekoa baita. Konposta ondo egiten baldin bada lur-usaia izango du eta bederatzi hilabete ondoren kalitateko ongarria izango dugu.